Upategiak

Ardoaren kulturak harreman estua du hiribilduarekin. Biasteriko etxe gehienen azpian lurpeko upategiak edo kobak daude antzinakoek egindakoak, eta horietako zenbait inoiz ardoa egiteko erabiliak; alabaina, euren jatorria zaharragoa omen da, eta seguruenik bestelako gauzetarako erabiliko ziren (biltegi, babesleku...). Biasteri zeharo zulaturik agertzen zaigu lur azpian; beste herri bat dela ematen du. Ikerketa berriek esango dute horien zertarako zehatza, baina zalantzarik ez da ardoa ekoizteko nahiz gordetzeko ere erabili zirela bere garaian. Hiribilduaren inguruan arkitektura modernoagoko upategiak ikus daitezke. Turismo Bulegoak bere instalazioetara bisitak egiten dituzten upeltegien zerrenda du.

Paganos atariko begiratokia

Izen bereko atearen aurrean, Paganoseko begiratokiak iturria, hainbat mahai eta eserleku eta argazki panela ditu. Panelaren bitartez inguruan ikusten diren herri eta mendiak ezagutzeko aukera dago. Eskualdeak eskaintzen duen mahasti-paisaiaz gozatzeko eta herriak jatorrian izan zuen defentsa-izaera ulertzeko leku aproposa. Eguna eguzkitsua izanez gero, ezin dira galdu begiratokitik ikusten diren ilunabar liluragarriak

 

Harresiak

Biasteriko hiribildua gotortu egin zuten XIII. mendean, Antso VII.a  Azkarraren erregealdian, eta harresia eraiki zuten hareharrizko harlanduekin eta betegarritarako hainbat materialekin. Lau ate hiribildua kanpoaldearekin komunikatzen ziren: Paganos, Mercadal, San Joan eta Santa Garazi. Ate Berria, edota "Carnicerias" izenez ere ezaguna, ez zen XV. mendera arte ireki. Gaur egun, gerretan izandako hondamendiak gorabehera, jatorrizko trazadurari eusten dio, eta dorre ugari ditu, horietako bi kanpandorre funtzio berrira egokituak.

Gaiteroen plaza

Plaza honetan Koko Rico artistaren “Bidaiari” eskultura-multzoa ikus dezakegu. Bidaiariaren omenezko eskulturak brontzezko bi plaka, poltsak, maletak eta zapatak ditu.

"El Collado" pasealekua

Biasteri muinoaren iparraldean dago, harresien kanpoaldean, Santa Garazi eta Paganos ateen artean. Oinaldean, Arabako Errioxako lurrak eta herriak daude iparraldean mendilerroa dutela. Pasealekuaren erdialdera metalezko tenplete batek Felix María Samaniego alegilariaren omenezko brontzezko bustoa babesten du. 
 
 
 
 
  • 1
  • 2